XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10. Halaber, kontrakoen irrikaz bizi da izadia eta kontrakoetatik lortzen du batekoa, ez antzekoetatik.

Horrela, konturatzeke ohi doa harra emearengana, eta ez iñola biotako bakoitza bere seksu-kidearengana.

Eta lehenengo gogaidetza edo elkartea kontrakoen artean korapilatu zen, ez kide eta antzekoen artean.

Arteak berak, izadiaren pausoetatik ibilki, hori bera egiten duela dirudi.

Pinturak, adibidez, kolore zuri eta beltzezko, hori eta gorrizko izakiak nahasiz, ereduaren antzeko irudiak ateratzen ditu.

Musikak berak, doinu biziak eta lodiak, luzeak eta laburrak tonu desberdinetan emanaz, eresi bakarra konpontzen du.

Gramatikak ere, bokalak eta kontsonanteak lekuan-lekuan ipiniz, burutzen du (hitzaren) Arte guztia.

Berau da, noski, Heraklito ilun hark esan ziguna: Batekoak dira osoa eta ez-osoa, ados dagoena eta ez-ados, kantuan kontzertuki diharduena eta des-kontzertuki: denetatik bat, eta batetik denak.

11. Alimanietatik, bai basatiak eta eskukoiak, bai aidean eta lehorrean eta uretan bizi direnak, sortu, hazi eta akabatu jainkoaren halabearrez egiten dira.

Narraz dabilen oro zigorrez da erabilia, dio Heraklitok.

12. Gora-oldar sumakor bat dela arima, dio Zenonek, Heraklitok berak bezala.

Eta, arimak beti gora-oldar pentsatzaile direla argitu nahirik, hibaiekin idekotu zituen, honela idatziz: hibai hauetara beretara sartzen direnentzat ur batzuk eta bestetzuk doaz amilka.

Arimak ere uretatiko lurrinak dira.

13. Itxurazko gizonak ez du ez zikindu, ez beztu, ez eta lohitan pozik ibili behar, Heraklitoren esanera: zerriak gustorago ohi dabiltza ur lohietan, garbietan baino.

14. Zeintzuendako ari da iragarketan Heraklito?.

Izarlarientzat, aztientzat, bakotiarrentzat, menadeentzat, misterioetan argituentzat Heriotz-ondokoez egiten die zemai eta mehatxu, batzuei; sua iragartzen die bestetzuei.

Izan ere, jendeak misterio deritzen hoietan sagara gabe baitira argituak argitzen.

15. (Erlijio-) ibilia ospatu eta (zakil-) eresia kantatu, Dionisioren omenez ez balute egiten, egitekorik lotsagarriena litzateke hori.

Bat bera dira, baina, Hades eta Dionisio, zoro amorratuenak eginaz eta berba erotuak esanaz ospatzen dutena.